Banku eta aurrezki-kutxen sorrera

Bankuak ez ziren industrializazio-garaian sortu, Erdi Aroan baizik. Industria-iraultzaren aurreko bankuek bi egiteko zituzten: batetik, jendeak beren esku uzten zuen dirua zaintzea, eta, bestetik, interesdun maileguak ematea. Bankuek jasotako aurrezkietatik eta gordailuetatik biltzen zuten diruarekin ematen zituzten maileguak.

Industria-iraultzaren lehen garaian, partikularrek beren diru-sarrerak eta etekinak baliatu zituzten beren enpresak eta jarduerak aurrera eramateko. Baina baliabide ekonomikoak behar ziren nekazaritzan berrikuntzak sartzeko eta garraiobideetarako azpiegiturak sortzeko, eta, halaber, fabrikek eta enpresek, denbora gutxian asko handitu zirenez, gero eta kapital gehiago behar zuten aurrera egiten jarraitzeko. Bankuek eta aurrezki-kutxek emandako maileguei esker, enpresaburuek berrikuntza teknikoetan, makinerian, pabiloietan eta abarrean inbertitu ahal izan zuten. Hala sortu ziren hirietan banku nazionalak, probintziakoak.... Enpresetan, era zuzenean inbertitzen zuten, akzioak erosiz eta erabiliz; finantza-kapitalismoa jaiotzen hasia zen.

 


 

Euskal Herrian, hainbat banku eta aurrezki-kutxa sortu ziren. 1839ko Espainiako gobernuaren erregeagindu bat tarteko, aurrezki-kutxak eratu ziren herrialdeetako hiriburuetan, erakunde publikoei lotuta. Honako hau zen hastapenetako helburu nagusia: herritarrek aurreztu zezatela eta aurreztutako kapitalarekin gizarte-ekintzak bultzatzea. Euskal Herriko lehen aurrezki-kutxa, Gasteiz Hiriko Aurrezki Kutxa, 1850ean sortu zen. Pare bat hamarkada geroago, Iruñekoa sortu zen, 1872an; Donostiakoa, 1879an; Gipuzkoako Aurrezki Kutxa, 1896an; Bilboko Udal Aurrezki Kutxa 1907an, eta Arabako, Bizkaiko eta Nafarroako Aurrezki Kutxak 1918an, 1921ean eta 1921ean, hurrenez hurren. 1924an, aurrezki-kutxa horiek guztiek Nafarroako eta EAEko Aurrezki Kutxen Federazioa osatu zuten.

1857an, Euskal Herriko lehen banku pribatua, Banco de Bilbao, sortu zuten Bizkaiko zenbait enpresarik eta negozio-gizonek; izan ere, urte haietan, industria-garapen handia gertatzen ari zen. Geroago, partikularrek sortutako beste banku batzuk agertu ziren, kapitala kontzentratu eta diru horrekin enpresetan eta proiektuetan inbertitzeko eta banku- eta burtsa-jardueratan aritzeko. XIX. mendearen bukaeran, Bilboko Banco del Comercio sortu zen (banku hori Banco de Bilbaok beretu egin zuen geroago), baita Crédito Navarro eta Banco Guipuzcoano bankuak ere. XX. mendearen hasieran, Banco de Vizcaya (sortu eta bi urtera, Banco Bascongadorekin eta Iruñeko Banco de la Vasconiarekin batu zen) eta Crédito de la Unión Minera agertu ziren.

Frantziako banku garrantzitsuenetatik, bi Iparraldean finkatu ziren: Banque de la France, Baionan 1858. urtean, eta Credit Lyonnais, Biarritzen 1894an. Tamaina txikiagoko bankuen artean, Crédit Basque (1919) izan zen garrantzitsuena; horrelako bankuek merkatari txikiei eta nekazariei ematen zizkieten maileguak.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Industria-iraultza, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org