Kapitalismoa eta gizartea

Industria-iraultzak beste eredu ekonomiko baten gorakada ekarri zuen: kapitalismoa. XIX. mendean gertatu ziren aldaketa ekonomikoek gizartean eragin handia izan zuten, garai hartan pentsamolde-aldaketa gertatu zelako. Pentsamolde-aldaketa haren ondorioz, gizartean, kapitalismoa eta liberalismoa ezarri ziren. Kapitalismoa eredu ekonomiko berria zen eta liberalismoak, berriz, eredu ekonomiko hura politikoki eta sozialki sustatzen zuen.

Pentsamolde-aldaketa ideia liberalak zabaltzearen ondorioz gertatu zen eta aldaketa horiek, ekonomiaren eraldaketarekin batera, eragina izan zuten gizarte-egituran. Antzinako Erregimenean, gizartea hiru estamentutan banatuta zegoen: noblezia, kleroa eta herri xehea. Herri xehea burgesek, artisauek eta nekazariek osatzen zuten. Burgesek aldarrikatzen zituzten ideia liberalek nobleziaren eta apaizgoaren abantailak desagertzea zuten helburu. Liberalek pertsona guztiek eskubide berak izatea aldarrikatzen zuten; ez zuten onartzen eskubideak gizarte-estamentu jakin batzuen pribilegio izatea. Pentsamolde burges eta liberal hura gizartean gailendu zen eta lanaren balioak garrantzi handiagoa hartu zuen.

Garai hartan sortzen ari ziren baldintza ekonomikoak tarteko, burgesia gizartean eta ekonomian nagusitu zen. Orduz geroztik, odolak ez zuen gizarte-taldea baldintzatuko; ondasunek eta aberastasunak bereizten zituzten klase sozialak: burgesia eta langileria.

Ekonomiari zegokionez ere, ideia liberalek gero eta onarpen handiagoa izan zuten. Adam Smith ekonomialariak ezarri zituen XVIII. mendean liberalismo ekonomikoaren ideia nagusiak, kapitalismoaren oinarriak. Ideia horiek librekanbismoaren alde egiten zuten, hots, ondasunen zirkulazio askea. Zirkulazio horretan, estatuak eta erakundeek ezingo zuten esku-hartu tasak edo aduana-zergak ezarriz.

Industria-iraultzaren bigarren aroan, sozietate anonimoak sortu ziren. Horiek zenbait jabe dituzten enpresak dira. Jabe horiek dituzten akzioen arabera hartzen dute parte enpresaren gastu eta irabazietan. 1870. urteaz geroztik, kontzentrazio ekonomikorako formula berriak sortu ziren. Ekoizpen-sektoreetan nagusi izateko asmoz, enpresa asko batu ziren eta monopolioak eratu zituzten.Liberalismoaren hastapenetan defendatzen zuten konpetentzia askea alde batera utzi zuten.

 


 

Munduan europar potentziak, Estatu Batuak eta Japonia ziren herrialde ekoizleak. Industrializatu gabeko herrialdeetatik edota garapen-bidean zeudenetatik hartzen zituzten lehengaiak eta, halaber, herrialde horiek kontsumitzen zituzten potentzia handiek ekoitzitako produktuak. Herrialde industrializatuak beren lurraldeak zabaltzen eta herrialde berriak kolonizatzen hasi ziren (bereziki herrialde arabiarrak, afrikarrak eta asiarrak).

Pentsamolde liberala eta kapitalismoa XIX. mendean zehar zabaldu ziren Euskal Herrian. XVIII. mendearen amaieran, Espainiak kolonietako merkataritzaren monopolioa galdu zuen; burdinaren industriak lehiakortasuna galdu zuen merkatuan, eta itsas zirkulazioak Gaztelako artilearen esportazioa gutxitzearen ondorioak pairatu zituen. Hala, burgesiak Euskal Herriaren eta Gaztelaren eta Aragoiren arteko aduanak desagerrarazi nahi zituen: kanpo-merkatuak gutxitzen ari ziren eta espainiar merkatuan sartu nahi zuten.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Industria-iraultza, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org