Glosategia

A B E I K L M N O P S T W

A

Anarkismoa: Ideologia anarkista XIX. mendearen bigarren erdialdean sortu zen eta sustatzaile nagusia Mijail Bakunin izan zen. Ideologia horrek kapitalismoa, Estatua eta jabetza pribatuaren aurka egiten zuen. Gizarte mota horren funtsean euren burua kudeatzen duten komunak ditugu eta jabetza kolektiboa litzateke. Komuna horiek euren arteko loturak eratuko lituzkete askatasun osoz, inolako Estaturik ezarri gabe. Ideia anarkistak eta horien ekintzak, askotan ekintza bortitzak, Mediterraneo aldeko herrialdeetan barrena hedatu ziren, besteak beste, Italia, Frantzia eta Espainian (Katalunia eta Andaluzian batez ere). Euskal Herrian 1870. urte inguruan zenbait talde anarkista sortu ziren. Hainbat argitalpen kaleratu zituzten, gizarte-mugimenduetan esku-hartuz. Propaganda-ekimenak ere burutu zituzten, baina ez zuten inolako erakunde finkorik antolatu.

Anezka hegalaria: Anezka hegalaria John Kay-ek 1733an sortutako tresna dugu. Horren erabilerak ehuna prestatzerakoan abiadura handitzea ahalbidetu zuen, ehundegietan ekoizpena handituz.

Antzinako Erregimena: Antzinako Erregimena esaten diogu XVIII. mendearen bukaeran eta XIX. mendean zehar Europako gizartea eraldatu zuten aldaketa politiko, ekonomiko eta sozialen aurretik dugun aro historikoari. Erregimen horren egiturak aldatu zituzten prozesu nagusiak funtsean bi izan ziren: Frantziako iraultza eta industria-iraultza.

Arizmendiarrieta, Jose Maria: Apaiza (Markina-Xemein, 1915 – Arrasate, 1976). Mondragon Korporazio Kooperatiboko fundatzaileetako bat izan zen. 12 urterekin Teologia eskolan sartu zen. Gerra Zibilean heriotza-zigorra jaso zuen, baina barkamena lortu eta Gasteizera itzuli zen ikasketak amaitzera. 1941ean, Arrasateko San Juan Parrokiara bidali zuten. 1943an lanbide-eskola sortu zuen, Arrasateko Unibertsitatearen aitzindaria alegia. 50eko hamarkadan eskola hartan titulua lortu zuten hainbat ikaslerekin batera lehen enpresa kooperatiboa sortu zuten: Ulgor. Enpresa handitzen joan zen eta handik Fagor sortu zen. Jarraian Mondragon Korporazio Kooperatiboa (MCC) erakundea eratu zuten. Euskadiko Kutxa sortu zuten kredituzko elkarte kooperatibo gisa.

aurkibidea

B

Boluetako Santa Ana: Boluetako Santa Ana labe garaiak Begoñan eraiki zituzten 1841ean. Lantegi horrek ikatza erabiltzen zuen. Labe horien ezartzea, Barakaldon zeudenekin bat eginez –horietan kokea deritzan ikatza erabili zuten lehen aldiz–, siderurgia modernoa sortzeko lehen urrastzat har dezakegu.

Burgesia: Industria-iraultzatik aurrera, burgesia hitza erabili zuten gizarte-klase berria izendatzeko, bertan enpresetako jabeak eta enpresa horietan etekinak erdiestearren dirua jarri zuten lagunak sartuz.

aurkibidea

E

Enclosures: Ikus Itxidurak

Estamenduak: Estamentuak Antzinako Erregimenean zehar gizartea banatzeko erabiltzen zituzten sailak edo mailak lirateke. Berez, hiru estamentu ziren: noblezia, kleroa eta herri xehea. Azken horretan honako hauek biltzen ziren: burgesak, artisauak, nekazariak eta, oro har, pribilegioak zeuzkaten noblezia eta klerotik at zeuden beste lagun guztiak.

aurkibidea

I

Itxidurak (Enclosures): Berez, lur itxiak esaten zaie itxiturak (enclosures) dauzkaten laborantzarako lurrei, inguruan hormak, hesiak edota heskaiak izan ditzaketelarik. Lur-sail irekiak izatetik lur itxiak izatera igarotzearekin batera, jabetzari buruzko ikusmoldea aldatu egin zen. Ikusmolde horiek norbanakoaren jabetza eta jabeen erabilera eta antolaera libreari lehentasuna ematen zioten.

aurkibidea

K

Kapitalismoa: Kapitalismoa liberalismo ekonomikoaren ardatzetik sortu zen. Eredu eta sistema ekonomiko honen arabera, kapitala bera da garapena eta aberastasuna sortzeko osagai nagusia. Horren garapena XIX. mendearen hasieran ziren erregimen politiko liberalek ahalbidetu zuten eta XIX. mendearen azken herenean horren hedapena oso bizkorra izan zen. Euskal Herrian ideia liberalak XVIII. mendearen bigarren zatian azaldu ziren lehen aldiz, baina kapitalismoaren eta ideia liberalen hedapen nagusia XIX. mendean gertatu zen.

Kooperatibismoa: Kooperatibismoa hainbat lagunek osatutako talde eta elkarteei esker sortu zen; era askotako beharrak asetzearren elkartzen dira, hots, ekonomikoak, sozialak, ... Euskal Herrian kooperatibismoak bi izaera ezberdin izan zituen hasiera batean. Alde batetik, kooperatibismo industriala zegoen, langileek osatua, eta bestalde, nekazaritza giroko kooperatibismo katolikoa zegoen, nekazariek osatua alegia. Euskal Herrian Gerra Zibila igaro ostean bizi izan zuten bilakaera ekonomikoari esker, mugimendu kooperatibista modernoak indarra hartu zuen. Testuinguru horretan Jose Maria Arizmendiarrietaren irudia azpimarratu beharko genuke, Ulgor kooperatiba eta Mondragon Taldearen sustatzailea eta sortzailea alegia.

aurkibidea

L

La Esperanza: La Esperanza paper-fabrika Gipuzkoan sortu zen lehen industria modernoa izan zen; berez, Oria bailaran sortu zen 1841ean.

Liberalismoa: Liberalismoa gizarteari, ekonomiari eta politikari heltzen dion doktrina ideologikoa da. Politika- eta gizarte-mailan, askatasuna eta norbanakoaren eskubideen alde egiten du. Ekonomiari dagokionez, librekanbismoa aldarrikatzen du, estatuaren esku-hartzea tasa edo aduana-zergetan baztertuz.

Ludistak: Ludistak protesta-mugimenduak burutu zituzten lehendabiziko langileak izan ziren. Lantokietan makinak ezartzearen kontra azaldu ziren, gizakiaren lana deuseztatuko zutelakoan baitzeuden. Protesta modura ekimen zuzenak burutu zituzten makinak birrinduz.

Lurrun-makina: Lurrun-makina James Watt-ek sortu eta patentatu zuen 1782 eta 1796 bitartean. Horri esker ura energia-iturri bezala erabiltzeko aukera izan zuten, makinetako engranajeak mugiarazteko alegia.

Lursail irekiak (Open fields): Lursail irekiak hesirik gabeko lurrak ziren, laborantzan erabilitakoak, alegia. Gehienetan, bertan, ohiturazko edota zortasunezko talde-ustiapenak ahalbidetzen ziren.

aurkibidea

M

Marxismoa: Ideologia marxista Karl Marx-en eta Friedrich Engels-en eskutik sortu zen XIX. mendearen erdialdean. Berehala zabaldu zen garai hartako langile eta intelektualen artean, eta klase sozial ezberdinen kontzientzia eratzean funtsezko papera jokatu zuen. Pentsamolde horrek langileen batasuna aldarrikatzen zuen boterea eskuratzeko, klase sozial ezberdinen arteko borrokaren bitartez. Boterea erdietsi ostean, langileek proletarioen diktadura ezarriko zuten, klase sozialak deuseztatuz eta gizarte berria eratuz, gizarte komunista.

Migrazioak: Industria-iraultzan zehar migrazio handiak gertatu ziren. Hirietan izan zen lantegien bilakaera eta bestelako ekonomia sustatzaileen sorrerak landa-giroko biztanleak erakarri zituen euren bizi-baldintzak hobetu nahian. Mugimendu horien nondik norakoa gehienetan landa inguruetatik hirira izan zen eta industrializatu gabeko eremuetatik eremu industrializatuetara. Hirietara iritsitako biztanle berri horiek berezko hazkundean eragina izan zuten eta baita hiritartze-prozesuan ere.

Monopolioa: Monopolioa esaten diegu kontzentrazio ekonomikoa bideratzen duten prozesu eta ekimenei, merkatuaren eremu bat edo gehiago kontrolatzeko bideratzen diren prozesuak alegia. Industria-iraultzaren bigarren urrats batean, kontzentrazio horiek beste era batera antolatu ziren, esaterako, ekoizpenaren atal bat edota produktu bera kontrolatzen zuten enpresa-taldeak (trusts), elkarren aurka ez jotzeko enpresen arteko hitzarmenak (cartel), edota beste enpresa baten akzioak erosi eta kontrolatzen dituzten enpresak, zenbait kasutan beste arloetako ekoizpena ere kontrolatuz (holding), …

Mule-jenny: Samuel Crompton-ek 1779an sortutako ehungailua. Spinning-jenny eta Water frame ehungailuek zeuzkaten berrikuntzak bereganatu zituen. Aurrekoak baino hari finagoa egiten zuen, langile gutxiago behar ziren hori erabiltzeko eta azkarragoa zen. Bestalde, hainbat hari batera prestatzeko aukera ematen zuen, ehunaren erresistentzia areagotuz.

aurkibidea

N

Nekazari-iraultza: Prozesu hori Ingalaterran sortu zen XVIII. mendean eta handik beste herrialdeetara zabaldu zen. Funtsean, berrikuntza teknikoak nekazaritzan aplikatzerakoan gertatu zen. Berrikuntza horien bitartez elikagaien eta lehengaien ekoizpena handitu egin zen, giza baliabide gutxiago erabiliz. Iraultza horren ondorioz jabetzaren egiturak aldatu etalabore eta ongarri berriak erabiliz laborantza trinkotu egin zen.

aurkibidea

O

Open fields: Ikus Lursail irekiak

aurkibidea

P

Prieto, Indalecio: Politikari sozialista (Oviedo, 1883 – Mexiko, 1962). Gaztetandik Bilbon bizi izan zen. Lanbidez kazetaria izanik, politikari ere ekin zion. 16 urterekin, 1899an alegia, Bilboko Talde Sozialistan sartu zen. 1918an Bilbon diputatu aukeratu zuten eta 1921ean jada PSOEko Batzorde Eragileko kide zen. Bigarren Errepublika ezarri eta gero (1931), Frantziatik itzuli eta behin-behineko lehen gobernu errepublikanoan esku-hartu zuen. Eskuineko gobernuaren aurkako iraultzak porrot egin ostean (1934), berriro ere Frantziara jo zuen. Errepublikaren aldeko lagunen arteko batasuna sustatu zuen. 1936an Largo Caballerok osatutako gobernuarekin bat ez etorri arren, bertan parte hartu zuen. Gerra Zibilaren bilakaera ikusita ageri zuen ezkortasuna zela eta, kargutik kendu egin zuten. Prietok gobernua utzi eta Hispanoamerika aldera jo zuen.

aurkibidea

S

Smith, Adam: 1723an jaio eta 1790ean hildako Britainia Handiko ekonomialaria. Librekanbismoaren doktrinaren alde egin zuen buru-belarri. Muga-zegarik gabeko ogasunen zirkulazio librea defendatu eta estatuaren edo bestelako erakundeen esku-hartzea baztertzen zuen. 1776an bere teoriak kaleratu zituen honako liburu honen bitartez: Nazioen Aberastasunaren izaera eta iturriei buruzko saiakera.

SOV: Solidaridad de Obreros Vascos delakoa lehendabiziko euskal sindikatu abertzalea izan zen. Bilbon sortu zuten 1911ko uztailaren 23an, gero ELAn (Eusko Langileen Alkartasuna) bilakatuko zena. Segituan, Gipuzkoa eta Bizkaian barrena zabaldu zen, baina 1930eko hamarkada arte ez zen Araba eta Nafarroan hedatu. SOV sindikatua hasieran gizarte-mailako erakunde kristaua zen, nagusiekin hitzarmenak erdiesteko sortua. Horregatik ez zuten sozialistekin eta anarkistekin bat egin, antzeko helburuak eduki arren. Hala ere, antzeko asmoak izanik, azkenean hainbat grebatan sozialistekin batera esku-hartu zuten.

Spinning-Jenny: Ehungailu hori 1764 eta 1768 bitartean sortu zuen James Hargreaves-ek. Eskuz zebilen eta pertsona bakar batek hainbat ardatz erabil zitzakeen. Lana inguruetan erabiltzen zen batez ere, horrela, nekazariak laborantzaz gain bestelako ekimen bati hel ziezaiokeen.

Sufragio unibertsala: Adin nagusiko herritar guztien boto-eskubidea bermatzen duen hauteskunde-sistema, kargu eta ordezkariak aukeratzeko sistema alegia. Berez, hauteskunde-sistema hori mugimendu kartistaren aldarrika izan zen, Ingalaterran 1838an sortua langileen baldintzak hobetzearren eskari politikoen bitartez. Garai hartan, sufragio unibertsalak gizonezkoen botoa bakarrik hartzen zuen aintzakotzat, emakumezkoek ez baitzuten bozkatzeko eskubiderik eduki XX. mendera arte.

aurkibidea

T

Trade Unions: Trade Unions direlakoak sindikatuak eratzeko lehendabiziko erakundeak izan ziren eta Ingalaterran sortu ziren. Horien eskarien artean hauek aipa ditzakegu: lan-baldintzen hobekuntza, soldaten igoera, lan-orduen gutxitzea eta lantokietako gehiegikerien legezko kontrola, batez ere emakumezkoen eta umeen aurka egiten ziren gehiegikeriak.

aurkibidea

W

Water frame: Burdinazko makina hau 1769 eta 1770 bitartean Richard Arkwright-ek patentatu zuen. Energia hidraulikoa behar zuen mugitzeko, eta hirietako lantegietan erabili zuten.

aurkibidea

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Industria-iraultza, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org