Aldaketa demografikoak

Euskal Herriko eskualde guztiek ez zuten egoera demografiko bera, eta ondorioz, herrietako eta hirietako garapena ere desberdina izan zen. XVIII. mendean, kostako herrialdeek, Bizkaiak eta Gipuzkoak, Arabak, Nafarroak eta Iparraldeak baino populazio-dentsitate handiagoa zuten. Bizkaian eta Gipuzkoan, eskulangintzari eta merkataritza-jarduerei esker bizi ziren eta horien bidez gainditzen zituzten nekazaritzaren gabeziak. Araban, Nafarroan eta Iparraldean, berriz, nekazaritza zen ekonomiaren sostengu nagusia.

Europa guztian bezala, Euskal Herrian ere, iraultza demografikoa gertatu zen. Heriotza-tasak behera egin zuen, garai zehatzetan izan ezik (gerrateak, eta abar). Haurren heriotza-tasak ere behera egin zuen eta jaiotza-tasak, berriz, gora. Urteen joanarekin, bizi-itxaropenak ere gora egin zuen. Hala ere, Bizkaian eta Gipuzkoan hazkunde-tasak gora egiten zuen, baina, Nafarroan, Araban eta Iparraldean nekez igotzen zen, eta, zenbaitetan, behera ere egin zuen. Azken herrialde horietan, industria ez zen garatu eta, gainera, biztanleek beste herrialdeetara emigratzen zuten. Arabako eta Nafarroako biztanle askok Bizkaiko eta Gipuzkoako industria-guneetara jo zuten eta, Iparraldeko biztanle asko, ohiturari jarraituz, Ameriketara joan ziren.

Bizkaia eta Gipuzkoa izan ziren, Bartzelonarekin eta Madrilekin batera, estatuan biztanle berri gehien erakarri zituzten guneak. Biztanle haiek landa-guneetatik eta gutxi industrializatutako eskualdeetatik iritsi ziren hirietara. Bizkaian, etorkinak industrializatutako guneetan bildu ziren, batez ere Bilbo inguruan, eta hango biztanleen kopurua bikoiztu egin zen. XX. mendean zehar ere, Bilboko biztanleriak hazten jarraitu zuen etorkin-uholde berriak tarteko.

Industria-iraultzaren garaian, kalitate eskaseko auzoak eraiki zituzten presaka; etxe txikiak eta, sarritan, osasun-baldintza txarrekoak elkarren jarraian eraiki zituzten. Etxebizitza haiek langileek lan egiten zuten guneen alboan eraiki ziren eta auzo berriak berehala degradatu ziren. Hiriek fisikoki hazteko beharra zuten eta, horren ondorioz, hiri-inguruetako mendi eta basoak desagertu egin ziren lantegiei eta eraikuntzei lekua egiteko. Hirietako biztanleen bizi-mailak ere txarrera egin zuen eta gizartera moldatu ezin zuten pertsonen eta baztertutako pertsonen kasuak agertzen hasi ziren.

Gipuzkoan, biztanleriaren hazkundea ez zen Bizkaian bezain handia izan, eta, gainera, industria herrialdean zehar sakabanatuta kokatu zenez, etorkinak etorri izana ez zen Bizkaian bezainbeste nabaritu. Donostian eta Donostia inguruko herrietan baino ez zen igarri etorkinak etorri izana. Industriaren eta etorkinen sakabanaketari esker, iritsi berriek ere ez zuten industrializazio indartsuaren ondoriorik pairatu.

Araban eta Nafarroan ez zen industrializaziorik gertatu garai hartan eta hara ez zen etorkin askorik gerturatu. Iruñea eta Gasteiz, ordea, landa-guneetatik hirietara joandako jendea tarteko, handitu egin ziren. Biztanleria hirietan bildu zen; nafar eta arabar asko eta asko Iruñan eta Gasteizen bizi ziren batez ere. Herrialde horietan, industriak geroago hartu zuen indarra eta teknologia berriak bereganatu zituen. Hirien hazkundea ere planifikatuagoa da bi herrialde horietan. Gaur egun, demografia-egoera aldatu egin da eta Nafarroako eta Arabako biztanle-kopurua handitzen ari da hazkunde naturalari eta immigrazioari esker. Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, hazkundea geratu egin da (2000. urteaz geroztik dagoen immigrazioari esker, geldialdi hori hautsi egin da).

Iparraldeari dagokionez, Lapurdiko biztanleria bere hartan mantendu zen, baina Nafarroa Beherekoak eta Zuberoakoak behera egin zuen. Bi herrialde horietan, ekonomiaren sostengua nekazaritza zen eta biztanleek Ameriketara eta Lapurdira emigratzen zuten. XX. mendearen hasieran, lehen industriak sortu ziren Lapurdin eta, turistentzat ere, leku erakargarri bilakatu zen. Turismoarekin lotura estua du geroago Lapurdin zerbitzuek eta ostalaritzak izandako hazkundeak.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Industria-iraultza, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org