Kooperatiben sorrera
Kooperatibak pertsonen elkarte edo taldeen ondorioz sortu ziren eta pertsona horiek beren behar ekonomikoak eta sozialak betetzeko biltzen ziren. Hainbat kooperatiba mota agertu ziren: kontsumo-kooperatibak, elkarri laguntzekoak, etxebizitzak eraikitzekoak, arrantzaleen kofradienak, industrialak, hezkuntza-komunitateenak eta abar. Kooperatibismoak, hasieratik, bi forma hartu zituen Euskal Herrian. Mugimendu haietako bat langileek sortu zuten eta ezaugarri industrialak zituen. Bigarrena, nekazari txikiek osatu zuten eta mugimendu nekazari eta katolikoa izan zen. Lehenak, Gipuzkoan eta Bizkaian izan zuen indarra batez ere, eremu industrializatuagoak zirelako; bigarrena, berriz, Nafarroako zenbait zonaldetan errotu zen.
Lehen kooperatibak XIX. mendearen amaieran sortu ziren Bizkaian. Hasiera batean, kooperatibako kideen (gehienetan langileak) kontsumo- eta segurtasun-beharrak asetzeko sortu ziren. Kontsumo-kooperatibak, elkarren arteko laguntzarako kooperatibak eta osasun-laguntzarakoak sortu zituzten, garai hartan langileek ez baitzuten osasun-laguntza publikorik eta nagusiek ez baitzituzten langileen gaixotasunen eta lan-istripuen gastuak beren gain hartzen. Kooperatiba horiek Gipuzkoara ere iritsi ziren. Hor, enpresak sortu eta kudeatzeko kooperatibak osatu ziren.
Nafarroako kooperatiba-mugimendua funtsezkoa izan zen XX. mendearen hasieran Nekazaritza Kutxa Katolikoak sortzeko. Kutxa horiek herrietako apaizek zuzentzen zituzten eta nekazariei maileguak ematen zizkieten. Kutxa horiekin batera, nekazaritza-sindikatuak agertu ziren, eta nekazaritza-produktuen transformazioaz eta merkataritzaz arduratzen ziren. Horrelako kooperatibismoa Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ere hedatu zen.
Euskal Herriak azkar altxatu zuen burua Gerra Zibilaren ostean; 50eko hamarkadan, sendotu egin zen, eta, 60ko hamarkadan, boom ekonomikoa bizi izan zuen. Mugimendu kooperatibista garaikidearen hedapena aro horretan sortu zen eta, horri dagokionez, ezin ahatz dezakegu Jose Maria Arizmendiarrieta. Apaiz horrek Arrasateko lanbide-eskola sortu zuen 1843an, eta ikasleen talde bat bultzatu zuen Leintz ibarreko lehen kooperatibak sor zitzaten. 1956an, Ulgor kooperatiba osatu zen eta, urte hartatik aurrera, beste hainbat kooperatiba industrial ere sortu ziren. Horiek, enpresa arteko lankidetzaren bitartez, Mondragon Korporazio Kooperatiboa osatu zuten. Talde hori ez dute enpresa industrialek soilik osatzen. Haren barruan, kontsumo-enpresak (Eroski), kreditu- eta finantza-enpresak (Euskadiko Kutxa) eta aseguru-enpresak ere (Lagun Aro) badaude. Mondragon Korporazio Kooperatiboa ez da EAEko kooperatiba bakarra baina bai garrantzitsuena.
Euskadin, gaur egun, sei kooperatiba-federazio daude: nekazaritza-kooperatiben federazioa, kontsumoaren arlokoa, hezkuntzakoa, kreditu-kooperatibena, lan-elkarteen kooperatibena eta garraioaren arlokoa; federazio horiek Euskadiko Kooperatiben Federazioa sortu zuten 1996an.
Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License
Industria-iraultza, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org