Langile-mugimenduak: sindikatuak

Lehen industria-iraultzan, fabriketan lan egiten zuten hirietako biztanleek eta hirietara lanera joandakoek hazkunde azkar eta desorekatuak eragindako baldintza kaskarrak jasan zituzten. Hirietan ez zen planifikatu jende hori nola hartu eta langileak eta haien familiak pilatuta bizi izan ziren langile-auzoetan, askotan egoera osasungaitzean. Lan-egoera ez zegoen zehaztuta eta, lan-araudirik ez zegoenez, gehiegikeriak eta ustiapenak gertatu ziren.

Industrializazioaren lehen urteetan, gizonek, emakumeek eta haurrek meatzeetan eta fabriketan egiten zuten lan, egunean 10 ordutik gora, eta jaiegunik ere ez zuten izaten. Baldintza haiek hobetzeko, langileak elkarteetan eta sindikatuetan batu ziren.

Langileek egindako lehen protestak mugimendu ludistarenak izan ziren. Mugimendu horretako kideak lantegietan makineria sartzearen aurkakoak ziren, pertsonen eskulana ordezkatzen baitzuen. Ludistek ekintza zuzena erabiltzen zuten beren protestetan, eta makinak txikitzen zituzten, horiek lanpostuak kentzen zizkietelako. Horrelako lehen ekintzak ehuleek egin zituzten, ehungailuak sartzearen kontra baitzeuden. Fabriketan egindako ehunak etxeko ekoizleek egindakoak baino merkeagoak ziren, eta, beraz, ehule horietako asko izan ziren mugimendu ludisten buru. Hala ere, haien ekintzek ez zuten lortu ehungailu mekanikoa ezartzea, eta, gainera, trebatutako ehuleen ordez, prestakuntzarik ez zuten emakumeak jarri zituzten.

 


 

Industrializazioa hedatu ahala, langile-mugimendua ere garatuz joan zen. Hainbat ideologia eta korronte sortu ziren langile-klasearen barruan zein kanpoan, denak langileen egoera hobetzeko asmoz. Trade Unions ingelesak izan ziren lehen erakunde sindikalak. Hauek ziren haien aldarrikapenak: lan-baldintzak hobetzea, soldatak igotzea, lan-orduak gutxitzea eta gehiegikeriak legez kontrolatzeko beharra, batez ere emakumeek eta haurrek lanean jasaten zituztenak. Mugimendu kartista 1838an sortu zen, eta langileentzako hobekuntzak lortu nahi zituen, aldarrikapen politikoen bidez; horretarako, sufragio unibertsala lortu nahi zuten (gizonezkoen sufragioa).

XIX. mendearen erdi aldera, Karl Marx-ek eta Friedrich Engels-ek ideologia marxista sortu zuten. Oso azkar hedatu zen garai hartako langileen eta intelektualen artean eta garrantzi handia izan zuen klase-kontzientzia sortzeko. Pentsamolde horrek langileriaren batasuna aldarrikatzen zuen eta, boterea lortzeko, klase arteko borroka eta gizarte komunista aldarrikatzen zituzten. Boterea lortu eta gero, langileek proletarioen diktadura sortuko zuten klase-gizartea desagerrarazi eta klaserik gabeko gizartea sortzeko: gizarte komunista. Anarkismoa ere XIX. mendearen erdi aldera sortutako ideologia da; Mijail Bakunin izan zen mugimendu horren pentsalari nagusia. Kapitalismoaren eta Estatuaren aurkako muturreko ideologia da anarkismoa. Beren burua kudeatuko zuten komunez osatutako gizartea sortu nahi zuen, eta, komuna horietan, jabegoa kolektiboa izango zen, anarkistak jabego pribatuaren kontra baitzeuden. Komuna horiek modu librean elkartuko ziren eta estaturik sortu gabe funtzionatuko zuten. Ideia eta ekintza anarkistak, sarritan bortizkeriaren aldekoak, Mediterraneoko herrialdeetan zabaldu ziren, besteak beste, Italian, Frantzian eta Espainian.

Euskal Herrian, 1870 inguruan agertu ziren talde anarkistak. Hainbat aldizkari argitaratu zituzten; gizarte-mugimenduetan parte hartu zuten, eta propaganda-lanak ere egin zituzten, baina ez zuten erakunde sendorik osatu. Langileen artean, harrera hobea izan zuen sozialismoak. Ideologia hori 1890eko hamarkadan zabaldu zen eta langile-mugimendua gidatu zuen lehen urte haietan. Sozialismo bizkaitarrak bideratu zuen Euskal Herriko sozialismoa. Espainiakoa sozialismoa moderatua izan zen sortu zenetik; euskal sozialismoa, berriz, erradikalagoa izan zen hasiera haietan. Aro hartan, berriz, Facundo Perezaguaren gidaritzapean, sozialismoak garrantzi handiagoa eman zion langile-mugimenduari borroka politikoari baino. Horregatik aldarrikapenen, mobilizazioen, ekintza zuzenen, bortizkeriaren eta greba orokorren alde agertu zen. Bestalde, ez zuten beste alderdiekin inolako harremanik izan nahi, burgestzat jotzen baitzituzten. Taktika horiekin lan-egoeran eta bizimoduan hobekuntza gutxi lortu zituztenez eta estrategiak aldatu behar izan zituzten. 1890 eta 1910 bitartean Bizkaian izandako bost grebatan, gauza berak aldarrikatu zituzten behin eta berriz, baina ez zuten ezer lortu.

1911. urtetik aurrera euskal sozialismoan aldaketa ideologikoak eta politikoak gertatu ziren; Indalecio Prietoren gidaritzapean mugimendua baretu egin zen; alde batera utzi zuten iraultzaren bidez gizartea aldatzeko asmoa; eta bide demokratiko eta parlamentarioaren aldeko hautua egin zuten sozialistek. Errepublika ezartzea zuten helburu nagusi, eta, haren bidez, desoreka sozio-ekonomikoak konpondu eta benetako aukera-berdintasuna bermatu nahi zuten. Parlamentuan parte hartzearen alde eginda, aurreko isolamendua deuseztatu zen eta, errepublikaren aldeko beste alderdiekin, koalizioak sortu ahal izan zituzten.

1911n, lehen sindikatu abertzalea sortu zen, SOV (Solidaridad de Obreros Vascos) izenekoa, geroagoa ELAn bilakatu zena. Bere hastapenetan, sindikatu sozial-kristaua izan zen eta ugazabekin harreman onak izaten saiatu zen; hori dela eta, ez zuten erlazio ona izan sozialistekin eta anarkistekin. Dena den, langileen lan-hobekuntzen inguruan antzeko interesak zituztenez, grebetan parte hartu zuten sozialistekin batera. Sindikatu horrek Bizkaian eta Gipuzkoan izan zuen eragina eta, 1930ean, Araban eta Nafarroan ere zabaldu zen.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Industria-iraultza, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org