Industria-iraultza
Gizartearen hainbat alderditan aldaketak eragin zituen prozesuari deitzen diogu industria-iraultza. Aldaketa horiek, batez ere, ekonomikoak, sozialak eta demografikoak izan ziren, baina industria-iraultzak biztanleriaren balioetan eta pentsamoldean ere aldaketak eragin zituen. Iraultzaren aurreko aroari Antzinako Erregimena deritzo eta ondorengoari, berriz, Erregimen Liberala. Industria-iraultza Ingalaterran sortu zen XVIII. mendearen azken herenean eta, XIX. mendean zehar, Europako beste herrialdeetara zabaldu zen. Europatik kanpo, Estatu Batuetara eta Japoniara ere zabaldu zen iraultza.
Prozesu horretan gertatu ziren aldaketak zirela-eta, gizarte nekazari eta landatarra, gizarte industrial eta hiritar bilakatu zen. Hirietako jardueren garapena tarteko, hiriak gune dinamiko eta ekonomiaren motor bihurtu ziren, eta landa-guneetako biztanleak erakarri zituzten. Hirietako biztanleriaren hazkundean, zeresan handia izan zuten han bizi zirenek, urte haietan iraultza demografikoa gertatu baitzen.
Garai hartan gertatutako eraldaketetan, berebiziko garrantzia izan zuten berrikuntza teknikoek eta makineriaren berrikuntzek. Berrikuntza horiek garraioetan eta komunikabideetan erabili ziren. Horri esker, leku batetik bestera joateko behar zen denbora gutxitu egin zen.
Berrikuntza teknikoei esker, giza baliabide gutxiago erabiliz, jakien eta lehengaien ekoizpena hazi egin zen. Hobekuntza teknikoek hirietako jardunean ere eragin zuten eta ordura arteko artisau-prozesuak alboratu zituzten. Landa-guneetatik zetozen lehengai kantitate handiagoei eta prozesuen mekanizazioari esker, produktibitatea ere handitu egin zen. Faktoriek eta fabrikek artisauen lantegiak ordezkatu zituzten, produktu gehiago ekoizten baitzituzten denbora gutxiagoan.
Produktibitatearen, merkataritzaren eta ekonomiaren hazkuntzak hirietan ekonomia-sistema kapitalista garatu eta finkatzea eragin zuen. Ordura arte, herri txikietako jendea beren ekoizpenetik bizi zen nagusiki eta behar zituen produktuak, bereziki jakiak, beste leku batzuetatik ekartzen zituen. Tokian tokiko agintariek ezartzen zuten jakien salneurria, horiek herritarrentzat eskuragarri izan zitezen eta merkatariek erabiltzen zituzten pisuak eta neurriak ere kontrolatzen zituzten iruzurrik gerta ez zedin.
Hirietan eta herrietan, biltegiak sortu zituzten jakiak, nagusiki zerealak, gordetzeko. Uzta txarrak izanez gero, jatekorik gabe ez geratzea zen asmoa. Tokian tokiko agintarien eskutan zegoen ekonomia; birsalmentaren eta espekulazioaren aurkako jarduna zen hura eta, bertako eta kanpoko produktuen artean konpetentziarik izan ez zedin, herrietara iristen ziren produktuak gainbegiratzen zituzten. Herriz gaindiko merkataritza ere gainbegiratzen zuten. Monarkiek koloniekiko merkataritza monopolizatzen zuten, beste herrialdeek irabazirik izan ez zezaten, eta halaber, barne-merkatua eta herrialdean bertan ekoitzitako produktuak babesten zituzten beste herrialdeetako produktuei aduana-zergak ezarriz.
Testuinguru horretan zabaldu ziren pentsamendu ekonomiko liberalaren ideiak XVIII. mendearen amaieran eta, batez ere, XIX. mendean. Pentsamolde horren arabera, merkataritza librea zen aurrerapen ekonomikoaren giltza. Merkataritza librea garatu ahal izateko, aduana-zergak, agintarien babesa eta gobernuek ekonomian esku-hartzea galarazi behar ziren. Merkataritza-modu hura ordura arteko iraupen-merkataritza autarkiko eta protekzionistari gailendu zitzaion. Merkataritza libreari esker, ekoizpenaren eta kontsumitzaileen hazkundearekin batera, burgesiak aberastasunak eta kapitalak batu ahal izan zituen, haiek baitzuten ekoizpenerako baliabideak eta inbertitzeko kapitala.
Egoera ekonomiko berrien eraginez, burgesiaren boterea indartu zen. Antzinako Erregimeneko estamentu-gizartean, mendez mende, burgesiak indar ekonomiko handia lortu zuen, baina ez zuen gizarte-mailan igotzerik ez eta botere politikorik lortzerik ere. Burgesak lantegien jabeak eta gidariak ziren, eta, horietatik irabaziak lortzen zituzten. Artean, nobleziak era noblean ̶—negoziorik egin gabe— bizi behar zuen.
Burgesiaren lantegietan, nekazaritza-guneetatik iritsi berri zirenek eta hirietako biztanleek egiten zuten lan. Pertsona guzti horien baliabide nagusia lanerako indarra, gaitasuna, zen. Lantegietako langile horiekin, gizarte-klase berri bat sortu zen: langileria, langile-klasea. Langile haiek elkartu egin ziren beren bizi- eta lan-baldintzak hobetzeko asmoz eta hainbat mugimendu eta ideologia sortu ziren haien aldarrikapenak eta nahiak entzunarazteko.
Lehen industria-iraultza eragin zuten aldaketa teknologikoek eta berrikuntzek garapen-fase gehiago sortu zituzten. XIX. mendearen amaieran, herrialde industrializatuek Bigarren industria-iraultza izeneko bigarren hazkuntza-aro bat bizi izan zuten. Ordura arte, ikatza eta lurruna izan ziren energia-iturri nagusiak, eta metalgintza, industria garrantzitsuena. Bigarren aro horretan, petrolioa eta elektrizitatea nagusitu ziren, eta, industriari dagokionez, sektore kimikoa. Garai horretan egin zituzten lehen autoak eta hegazkingintzaren hastapenak ere ordukoak dira.
Langileen baldintzek hobera egin zuten. Langileek, espezializazioaren ondorioz, garrantzi handiagoa zuten ekoizpen-prozesuan eta, ondorioz, enpresaburuekin hitzarmenak egiteko garaian ere bai; jada ez ziren prestakuntzarik gabeko langileak. Baldintza ekonomikoak hobetu zirenez, langileen kontsumo-gaitasuna ere handitu egin zen eta haien bizi-mailak gero eta antza handiagoa zuen burgesia txikiarenarekin. Orduan sortu zen erdi mailako klasea izeneko gizarte-talde berria. Haien nahiak gero eta urrutiago zeuden beste langileen nahietatik eta aldarrikapenak egiterakoan langileria batzea zailtzen zuen horrek.
Herrialde industrializatuetan, Hirugarren industria-iraultza ere gertatu zen XX. mendearen erditik aurrera, baina, herrialde batzuetan aldaketa horiek gertatzen ziren artean, munduko herrialde askotan ez zituzten lehen iraultzako berrikuntzak ere ezagutzen. Herrialde industrializatuek aberastasunak pilatu dituzte orduz geroztik, eta herrialde horien eta garapen-bidean dauden herrialdeen arteko desberdintasunak gero eta handiagoak egin dira. Industrializatu gabeko herrialde horietan, gainera, biztanleriaren zati handi bat pobrezia-egoeran bizi da.
Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License
Industria-iraultza, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org