Berrikuntza teknikoak

Hirietan, lantoki handietan egiten zen lan. Garai batean, lana eskuz egiten zen; iraultzaren ondorioz, berriz, katean, langileek maneiatutako makineriaren bidez egiten zen lana.

Ehungintza izan zen berrikuntzak bereganatzen eta makineria erabiltzen hasi zen lehen sektorea. Ingalaterran, ehungintzaren sektorean, bazegoen protoindustria bat; nekazari- edo artisau-familiek etxean egiten zuten lan (domestic system). Merkatariek nekazariei beren etxeetara eramaten zizkieten lanerako behar zituzten materialak, eta horiek, nekazaritza-lanak amaitzean, ehungintzari ekiten zioten.

John Kay-k sortutako anezka hegalariari esker, 1733an, ehundegien produktibitatea handitu egin zen. XVIII. mendearen erdi aldetik aurrera, etengabeko berrikuntzak gertatu ziren iruteko eta ehuntzeko makinetan (Spinning-jenny izeneko iruteko makina; mugitzeko ur-energiaz baliatzen zen Water frame makina; Mule-jenny iruteko gailua, aurreko bi makinen berrikuntzak zituen,...). 1787. eta 1789. urteetan, Edmun Cartwight-ek iruteko makina mekanikoa asmatu zuen eta haren asmakuntzari lurrun-makina gehitu zitzaion.

Lurrun-makina 1769an asmatu zuen James Watt-ek. Asmakuntza hari esker, ura erabil zitekeen makinen engranajeak mugitzeko energia-iturri moduan. Gainera, energia-iturri merkea, indartsua eta erregularra zen. Lurrun-makina iruteko eta ehuntzeko makinetan erabili zenez, ehungintzaren sektorean, produktibitatea handitu egin zen. Industria kimikoari (tindagaiak, soda, azido sulfurikoa) eta metalurgiari ere bultzada handia eman zion hark. Horrez gain, lurrun-makina industria-ekoizpenerako gainerako makinetan eta garraioetan ere erabili zen.

Nekazaritzan, sega-makina mekanikoa izan zen berrikuntza garrantzitsuenetako bat, hari esker nekazaritza-lanak egiteko denbora eta indar gutxiago behar baitzen.

Metalurgiari dagokionez, lurrun-makinek hauspoak ordezkatu zituzten, eta, 1786an, Henry Cort-ek denbora gutxiago erabiliz ijezte-kopurua handitzeko aukera ematen zuen sistema berria asmatu zuen.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Industria-iraultza, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org