Faktore sustatzaileak

Hainbat faktorek eragin zituzten aldaketa ekonomikoak, eta, horien artean, honako hauek izan ziren garrantzitsuenak: nekazaritzan gertatutako iraultza, demografia-iraultza eta inbertitzeko ondasunak izatea.

Nekazaritza-iraultzaren ondorioz, nekazarien ekoizpen-gaitasuna hazi egin zen. XVIII. mendean, laborantzarako prozedura berriak erabiltzen hasi ziren, hala nola, lugorri-sistema alde batera uztea edota labore-txandatzea. Gainera, labore berriak landatzen hasi ziren (patata, lupulua eta abar) eta, ekoizpena hobetzeko asmoz, haziak hautatzen hasi ziren. Hobekuntza teknikoek ere eragina izan zuten nekazaritzan: golde sakonagoak erabiltzen hasi ziren, bai eta makineria berria ere; besteak beste, Jethro Tull-ek 1701ean ereite mekanikorako asmatu zuen barrena, gari-jotzaileak edota hasiera batean zaldiek bultzatzen zituzten sega-makinak.

Berrikuntza horien bitartez, abereen kopurua handitu egin zen eta, ondorioz, esnearen, haragiaren eta ongarrien ekoizpena ere bai. Gainera, arbia eta bazka-landareak lantzen hastearekin batera, ez zegoen ganadua belar-soroetara bazkatzera atera beharrik; ukuiluetan elika zitekeen. Abereak ukuiluan edukitzearen ondorioz, ordurarte bazkatzeko erabiltzen ziren belar-soroak lantzeko erabili zituzten nekazariek eta ongarri moduan erabiltzeko simaur gehiago ere eskuratu zuten.

Ingalaterran, hobekuntza haiek aplikatzeko baldintza egokiak zituzten, itsas merkataritzak sortutako irabaziak zirela medio, eta, nekazaritza-guneetako jabetza-azpiegituran ere, aldaketak gertatu ziren.

Aldaketa haiek laborantza handitzea eragin zuten. Ordura arte, soro irekiak (open fields) modu kolektiboan ustiatzen zituzten. Soro haietan, itxiturak jarri ziren (enclosures) eta, horren ondorioz, jabetzaren inguruko pentsamoldeak aldatu zituen: biztanleek uste zuten, lurrari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, jabetzak norbanakoarena izan behar zuela, komunitate-betebeharretatik aske. Pentsaera hori zela eta, nekazariak desjabetu zituzten eta aristokrata, merkatari eta nekazari aberatsak, haien lurrak hartuta, lur-eremu handien jabe egin ziren. Jabetza haien mugak zehazteko, lursailak hesiekin eta heskaiekin itxi ziren.

Nekazaritzan gertatutako aldaketei esker, soberakinak lortu ahal izan ziren. Soberakinak nazioarteko merkatuan saldu zituzten eta, hala, lurraren errenta handiagotu egin zen. Goldeak, aitzurrak, sega-makinak eta antzeko industria-produktu gehiago kontsumitu ziren horren ondorioz, bai eta kontsumo-ondasun gehiago ere, hala nola, jantziak. 1830. urte inguruan, berrikuntza gehiago aplikatu ziren nekazaritzan, besteak beste, lurrun-makina moldatu zen eta ongarri kimikoak erabiltzen hasi ziren. Ongarriei esker, laboreen etekina handitu egin zen eta aurretik lantzen ez ziren lurretara zabaldu ziren. Makineriaren eta ongarrien eskaera ere handitu egin zen eta industria siderurgiko eta kimikoek ere gora egin zuten.

Demografia-iraultzak biztanle-kopurua asko handitzea ekarri zuen, eta horrek mesede egin zion gertatzen ari zen ekonomia-hazkuntzari. Aldaketa demografiko haiek gertatu baino lehen, herri eta hirietako jaiotza-tasa altua zen, baina baita heriotza-tasa eta haurren heriotza-tasa ere, eta, ondorioz, biztanleriaren hazkundea txikia eta oso geldoa zen. Gerora, heriotza-tasak eta haurren heriotza-tasak behera egin zuten eta jaiotzak handitu egin ziren; biztanleen kopurua gero eta handiagoa zen jaiotzak heriotzak baino gehiago baitziren.

Biztanleriaren hazkundea zenbait faktorek eragin zuten. Nekazaritza-ekoizpenaren ondorioz, biztanleen elikadura hobetu egin zen. Epidemien ondorioz gertatzen ziren heriotzak gutxitu egin ziren; izurria desagertu egin zen; osasun-baldintzak hobetu ziren, eta jendeak osasun-ohitura berriak hartu zituen. Gaixotasunak gutxitzearen ondorioz ere jaitsi zen heriotza-tasa, eta, gutxitze horretan, zeresan handia izan zuten XIX. mendean zehar medikuntzan lortutako aurrerakuntzek.

Europako herrialdeetan gertatutako biztanleriaren hazkuntzaz gain, migrazio-mugimendu garrantzitsuak sortu ziren. Alde batetik, nekazaritza-guneetako biztanleek hirietara emigratu zuten. Biztanle berri haientzat guztientzat etxebizitzak eraiki behar zirenez eta lantegiak eraikitzen ari zirenez, burdinaren industriari bultzada handia eman zitzaion. Horrez gain, Ameriketara eta gainerako kontinenteetako kolonietara ere emigratu zuten Europako biztanle askok itsas garraioa erabiliz, eta industrializatu gabeko herrialdeetako biztanleriak ere gora egin zuen. Europako herrialdeetako biztanleen hazkundeak bi ondorio garrantzitsu izan zituen ekonomian: industria-produktuen kontsumitzaileen kopuruak gora egin zuen (horrek ekoizpena suspertu zuen) eta lantokietarako eskulan merkea agertu zen: proletarioak.

Lurretik edo merkatutik lortutako ondasunak makineriaren garapenean inbertitu, garapen hura sustatu eta industria-ekoizpena sortzeko erabili zituzten. Jakiak, ondasunak eta lehengaiak nekazaritza-ekoizpenetik eta erauzte-jardueretatik lortzen ziren. Bestalde, herrialdean bertan ekoizten ez ziren produktuak itsasoz haraindiko merkataritza-harremanen bidez lortzen ziren. XVIII. mendean zehar, merkataritzak gora egin zuen Ingalaterran, eta lortutako irabaziak ekoizpena handitzeko eta teknologia eta merkataritza garatzeko inbertsioetan erabili ziren.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Industria-iraultza, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org