Industriaren zabalkuntza

Ingalaterran, 1770. eta 1830.-1850. urteen artean gertatu zen industria-iraultza. Hasieran, industrializazioa Europako herrialde garatuenetan zabaldu zen eta Ingalaterra garapen industrialaren adibide garbia zen herrialde guztietarako. Ingalaterratik gertu zeuden herrialdeek izan zuten lehenik Europan industrializazioaren eragina: Belgika, Holanda eta Frantzia.

Katalunia, Euskal Herria, Madril eta Asturias izan ziren industrializatzen lehenak Espainian. Euskal Herrian, industrializazioa Bizkaian eta Gipuzkoan hasi zen. Bizkaiko industria Bilbon, Nerbioi ibaiaren ertzetan, zegoen pilatuta eta metala eta burdina lantzen zituzten gehienbat. Gipuzkoan, berriz, ibaiertzetan sakabanatuta zeuden lantegiak. Horrez gain, Gipuzkoako lantegiak mota askotarikoak ziren (metalurgia-industriak, papergintzakoak, zementu-fabrikak, ehungintzakoak, eta abar). Araban eta Nafarroan, geroago, XX. mendean sortu ziren industriak, teknologia berriagoekin eta modernoagoekin.

Herrietan lantegiak kokatzeko garaian, hainbat faktorek garrantzi berezia izan zuten. Esate baterako, lehengaiak ekoizten ziren lekuetan, ibaietan eta ibaiadarretan (ura energia-iturritzat erabili ahal izateko) eta lotune eta garraiobideetan ezarri ziren. Merkataritza-tradizioko guneetan, hiri handietan ere sortu ziren lantegiak, hango jardueren aniztasuna eta dinamikotasuna, eta hornikuntzak eta sarbideak tarteko.

Euskal Herrian, bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian, Erdi Aroaz geroztik funtzionatzen zuten burdinolek. Zenbait arrazoi zirela eta, krisialdia sortu zen eta, XIX. mendean, krisia are handiagoa egin zen, euskal burdinolek ezin baitzioten aurre egin Ingalaterrako burdinaren lehiakortasunari.

XIX. mendearen erdi aldera, aduana-zerga batek burdina esportatzeko aukera eman zuen lehen aldiz, eta, Somorrostron ateratzen zen burdina altzairua egiteko egokia zenez, Bizkaitik Ingalaterrarako esportazioak abian jarri ziren. Halaber, ingelesek harrikatza bidaltzen zuten Bizkaira. Meategi gehienak Somorrostro eta Basauri artean zeuden eta burdingintza Bilboko itsasadarrean pilatu zen. 1841ean, Boluetako Santa Anan, labe garaiak eraiki ziren. Gipuzkoa prozesu horretatik at geratu zen eta, garai berean, Oriako bailaran La Esperanza paper-fabrika finkatu zen.

Ondoko lizentziak babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Industria-iraultza, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org